XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zaigu, ez, aurpegi goxorik geratzen horrelakoetan, arraioa! Hori da kuxidadea mutikoarena....

Atzeko ate ondoan ez dihoa, bada, askoz hobeto gure Asier G.; honek halere bota du eta gaitzerdi.

Baina ikustekoak dira horren begiradaren epela eta aurpegiaren zurbila. Gajoak, biak ere!.

Ez dute horrelakorik Jon eta Rikardok.

Itziar eta Izaskun ondoan dituztelarik, isilak ez du hor astirik.

Mutil bi hoiengandik asko eta asko esan izan da; nere ustetan, ordea, sarrienik behintzat, bekaitzak eta norberak menderatu ezinak eraginda sortu da hainbat eta hainbat murmurio zital.

Santu zuzenetik ez dute, noski, kopetarainokoa; beren santua gehitxo alabatzen dute, agian....

Baina, egia esan, maiz ongarri ditugu taldean, eta datorrela hau ere ukatuko didana.

Zer esan Mirenez...? Zer, Betiz eta Galbanyz? Neuk dakit zer ari naizen eta kontakizun hau inoiz bukatuko bada, sarritxo egin beharko dudan bezala, noan zuzen harira, bestela aspertuko zaitut eta, nortanahi zarela ere.

Beraz, eta kontu-kontari, honi begira, begira hari... gauza da halako batean zorioneko Pueyo delakora iritsi ginela, behintzat.

Gehixeago espero genuen ezagutzen ez genuenok, baina tira....

Azpikaldeko uharka edo pantano berriak batetik, mendi gailur zurituen koroiak bestetik eta inguru berde zabalak ederki apaintzen zuten Matusalenen garaiko etxe zahar pilatuen kabi bildu-bildu hura.

Plaza omen zenekoan autobusak paro egin zuen eta gu zalaparta batean gintuzun behean, gidariari giltzak eskaka, motxilak barrupetik atera ahal genitzan.

Berehala somatu genuen ez ginela han euskaldun bakarrak, multzo txikitan gure tamaina bereko neska-mutilak bait zebiltzan handik... euskaraz mintzatzen! Geure buruak lotsatzeko ere bazen hura: (...).